IKA Campion euskaltegia

Albisteak

50 urte bete ditugu!

2022/02/15

50 urteko historia

Iruñeko Arturo Campion-IKA euskaltegiak 50 urte betetzen ditu ikasturte honetan. Gogoan hartu eta ongi ospatzeko moduko urteurrena, alajaina! Ibilitako bide luzea, traba franko izan arren tarteka, beti euskaldun, euskaltzale eta ikasleen ilusio eta laguntza paregabeari esker egin eta egiten dugu, oraindik ere. Iruñea eta Iruñerriko euskal kultura, hezkuntza, hedabide eta abarretako txoko guztietan hamaika campionkume topa dezakegu eta guztiek oroitzapen bikaina dute gure artean eta gurekin egindako lan edo ikastaldiez.

Gure euskaltegian euskal hiztunak sortzea eta horiek euskaraz mintzatzeko aukerak sortzea izan ditugu eta ditugu helburu nagusi, euskara eta  euskal kultura gure bizitzaren parte izan daitezen, eta ez azterketa bat gainditzeko bidea soilik. Horretarako saiatzen gara gure metodologia egokitzen eta ikasleak eguneroko bizitzako egoera arruntetan euskara erabiltzeko gaitzen hasiera-hasieratik.

Sorreratik bertatik, gustuko izan dugu gauzak auzolanean, denon artean, egitea. Eta garaiak dezente aldatu arren,  saiatzen gara izpiritu horri eusten, gogoratu bestela euskaltegiaren azken margotzea edo Gabonetako zozketa, azken bi urte hauetan, pandemia tarteko, egiterik izan ez duguna. A zer edertasuna, 20-40 lagun lanean musu-truk ikustea euskaltegia txukuntzen, edo hainbat ikasle-irakasleren ekarpen eskuzabalak eguberrietako saski eta sarietarako! Halaxe erosi ziren egun Comedias kalean ditugun bi pisuak ere, campionkide eta laguntzaileek bonoak erosiz eskainitako laguntzarekin, aleka egiten baita pila.

50 urte, hamaika istorio

Otsailaren 26an hasiko gara 50. urteurren hau ospatzeko ekitaldiak gauzatzen. Egun horretan aurkeztuko ditugu euskaltegiaren maskota, Arturo Campion idazle iruindarraren kilikia, eta ospakizunen karira Kasu taldeak sortutako abestia. Lau egitasmo nagusi ditugu esku artean, geroago zehaztuko ditugun hainbat ekitaldi txikiagorekin batera: “50 urte, hamaika istorio” liburua, izen bereko dokumentala, Teatrolari Antzerki Eskolak, Hutsun Txalaparta Taldeak,  Nafarroako Orfeoiko Gazte Abesbatzak eta Ortzadar Dantza Taldeko zenbait dantzarik Baluarten eskainiko duten ikuskizun musikala, eta elkarlan luzeago baten hazia izan daitekeena, eta datorren maiatzaren 21ean antolatuko dugun jai-egun zoragarria.  Gainera, formatu txikiagoko hainbat ekitaldi eginen ditugu  hiriko zenbait gunetan euskararen eta euskal kulturaren presentzia bazter guztietara eramateko. Martxoaren 10ean eginen dugu 50 urte, 11 istorio liburuaren aurkezpena eta lotu ahala jakinaraziko dizkizuegu ekitaldi gehiago.

Baina proiektu hauek guztiak aurrera eramateko betiko arazoa genuen: dirua. Arazoa izan arren, horrek ez gaitu geldiarazi, bai baikenekien guztion artean lortuko genuela eta Iruñean euskara eta euskal kulturaren zabalkundearen arrakasta eta oihartzuna denonak izanen direla. Horregatik ausartu ginen, berriz ere, jendearen elkartasunari dei egitera eta interneten diru bilketa egitera. Espero bezala, diru laguntza bikaina eskuratu dugu eta gure asmoak errealitate bihurtzen ari gara orain. Eskerrik asko guztioi, goza dezagun 50. urteurren hau, eta ez ahaztu euskara jende guztiari hurbiltzeko lanean ari garela gu hemen!

50 urte, hamaika irudi

Hemen ikus ditzakezu 50 urte hauetako historian zehar jasotako irudi zenbait:

50 urte, hamaika irudi

Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera

IKA Campion · Comedias kalea, 14 · 31001 Iruñea (Nafarroa) · Tel. 948 222 246