IKA Campion euskaltegia

Albisteak

Iruņeko euskararen ordenantzari ekarpena

2019/09/26

Testu honen bidez, Arturo Campion IKA euskaltegiak bere ekarpena egin nahi du euskararen ordenantzan aldaketak egin aurretik Iruñeko Udalak ireki duen parte-hartze prozesuan.

 

Indarrean dagoen ordenantzak hobetzeko zenbait puntu baditu ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean aurrera egindako urratsa dela iruditzen zaigu. Hori dela eta, ez dugu egoki ikusten ordenantza horretan hizkuntza eskubideak murrizteko aldaketarik egitea.

 

Udalak publiko egin  duen prentsa-oharrean darabilen hizkera bera ere asmo murriztailekoa eta guztiz desegokia iruditzen zaigu; inon ez da aipatzen herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko udalak duen egitekoa, eta udalaren eskumeneko alorretan euskararen presentzia murrizteko proposamenak besterik ez da aipatzen.

 

Herritarren hizkuntza eskubideak nekez errespetatuko dira, herritar horiek udalarekin euskaraz harremanetan aritzeko biderik ez badute, eta, horretarako, langile euskaldunak behar ditu udalak. Bestalde, udalak egiten dituen iragarkietatik eta udalaren iruditeriatik euskara ezabatzeko asmoa oso kaltegarri ikusten dugu, euskarak beharrezkoa duelako agerian egotea; bertako hizkuntza da, ez dago zertan ezkutatu.

 

Espainiako konstituzioa aipatzen da herritarren berdintasunaren babesle gisa. Eta bai, hala da, hizkuntza eskubide guztiak berdin-berdin errespetatu behar dituzte instituzioek, inor baztertu gabe. Horrexegatik uste dugu ordenantzak horixe bermatu behar duela: euskaraz, bertako jatorrizko hizkuntzan, inolako arazorik gabe jardun ahal izatea udalarekin.

 

Errealitate soziolinguistikoa ageri da euskararen erabileraren proportzioa ezartzeko erreferentzia gisa, baina gogoratu nahi dugu eskubideak eskubide direla, eta errespetatu egin behar direla, euskal hiztunen kopurua dena dela, bertako jatorrizko hizkuntza delako, eta euskaraz bizitzea Iruñeko herritar guztien eskubidea delako.


Erantzun albiste honi 

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrezko kanpoak dira.

Onartzen dut lege oharrean zehaztutakoa

« atzera

IKA Campion · Comedias kalea, 14 · 31001 Iruñea (Nafarroa) · Tel. 948 222 246